XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta hala ere...

Eta Guayaquil, Medellíngo eguzki laurdenaren eguzki laurden simetrikoa, non nerabe haiek beren laguna makiladaz astindu bait zuten, nork daki zergatik, nork daki tripa hustu batetan zer gerta daitekeen, eta inpotentzia, eta nazka eta ezina eta inpotentzia, eta nazka eta ezina berriro.

Eta hala ere...

Eta Lima, hiri handietako kontraste beretsuekin baina beti lanbroaren pean, maindire gris haren pean fantasma bihurturik...

Eta Huancavelica, Huancayo, Abancay... eta Cuzco, inca lurraldearen hiriburua, eguzkiaren sabeletik sortutako lurra: nola ez gogoratu Andesetako mendi mazelez osatutako Jose Maria Arguedasen poliedro itxurako gorputz hautsiaz eta haren jadanik sufrimendua inon kabitzen ez zitzaioneko suizidioaz, indiarragotzat zuen bihotz hura ezpata zuriak iragana, Limako espazio goibel hertsian kondorearen hegalada mugagabea berraurkitu nahi eta ezinean, Tupac Amaru-ren hilobitik sortzen ziren dei erdiragarrietatik ezinezko ametsak gorpuztu nahian, zumbaylluaren antzera, ezerezaren inguruan etengabeko zirkuluak osatu nahiz jirabira desesperatutan ibili zena.

Eta desesperoa ezina, eta ezina jasakaitz bilakatu zitzaion.

Eta Limako hodeiek, agur gisa, pistola baten irudia marraztu zuten unibertsitateko enparantzan eta agur Arguedas, se suicidó José Mª Arguedas, hori zioten egunkariek eta hala ere...

HALA ERE, bere burua hilarren ez zen Arguedas hil, nik ikusi bait nituen haren begi tristeak ibai sakonenetan harribil distiratsu bilakaturik, nik entzun nuen haren ahotsa Andesetatik behera amiltzen diren erreken gurguraian, nik usaindu nuen haren izpiritua Andesetako gailurretan kondorearen elurrezko hegalada bihurturik, nik dastatu nuen Sacsahuaman gordelekuko harri zirrituetatik zehar isurtzen ari zen Arguedasen malenkoniazko begirada, (...).